NEURRIAK eta FORMAK

 EURIA NEURTZEKO PLUBIOMETRO BILA

2021eko azaroaren azken aldian hasi eta abenduaren erdira arte Lekeition izandako euriteak itzelak izan ziren. Lea ibaiak gainezka egin zuen Oletan; Armintxe kobazuloko zaldien grabatuak ur azpian geratu ziren aldi baterako; eskolako patioa urez ganezka zegoen egun batean...

Euriak neurtzeko plubiometroak erabiltzen dira: ontzi zilindrikoak dira (badaude era askotakoak) eta milimetrotan (mm) neurtzen dute batutako euri kantitatea.

Bestalde, telebistan ematen dizkiguten datuetan, jausitako euria adierazteko esaten digute zenbat litro metro kuadroko (l/m2) erori diren azken orduetan.

Metro kuadro bateko oinarria duen ontzi baten, likido batek (ura, esaterako) hartzen duen alturarekin jakin dezakegu zenbat ur kantitate dagoen barruan. Frogatu dute horrelako ontzi baten uraren altuerak hartzen duen milimetro bakoitzeko LITRO BAT ur dela. 

Guk ez daukagunez m2-ko sekzioa duen ontzi handirik, geneuzkan ontziak erabilita ekin genion euria biltzeari, ea zer gertatzen zen ikusteko.

Hasteko hainbat ontzi hartu genituen euripean ipintzeko. Ontzi guztiak sekzio bertikaldun ormadunak ziren baina hainbat forma eta tamainadunak. Hona hemen erabilitako ontzien argazkiak:







Ontzi hauek toki berean ipini genituen, baina aldez aurretik galdetzen hasi ginen eta honekin hasi: Noraino beteko da ontzi bakoitza? Ze eratan beteko dira: guztiak antzera, batzuk lehenago igoko dute ur-maila...? Eztabaida horretan ideia batzuk errepikatzen ziren hainbat taldetan:
  • Guztiak altuera berbera izango dute.
  • Denetan altura desberdina hartuko du urak.
  • Aho zabalak dutenetan altuera handiagoa hartuko du batutako urak, aho zabala duelako eta ur gehiago sartuko delako.
  • Estuak diren ontzietan lehenago egingo gorantz urak, ontzi estuak lehenago betetzen direlako.
Egun batzuetan egindako neurketetako emaitzak ikusita:

Geletan aukera izan genuen ikusteko urak ontzi bakoitzean hartutako altuera. Harrigarria bada ere, ontzi guztietan altuera berean kokatzen zen ura, eroritako euri kantitatea handiagoa zein txikiagoa izandako egun guztietan. Beraz, metro karratuko ontzi batean urak zein altuera hartuko lukeen galdetzean, eztabaida luzatu zen eta, askoren ahotatik "besteen altuerara helduko da" entzun zen. 
Ondorioz, aurkeztutako edozein ontzitan urak hartutako altuera (luzera) milimetrotan (mm) hartzen badugu, badakigu metro koadroko sekzioa duen ontzi batean altuera bera izango duela. Orduan, ez da derrigorrezkoa m2-ko ontzirik izatea. Nahikoa da sekzio bertikala duen edozein ontzi izatea, nahiz eta erositako plubiometro bat ez izan.

1 comentario:

  1. M2-ko sekzioa duen ontzi bertikal batean (hormak bertikalak eta zuzenak izan behar ditu, inklinaziorik gabe) likido batek alturan hartzen duen 1mm bakoitzeko, likido horren litro bat (1L) izango dugu.

    ResponderEliminar